XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta Enekori eskutik heldu eta arrastaka gelaren erdira eramaten saiatu zen, aulki batera.

Horretara, guztiek ondo ikusi ahal izango zuten Eneko, erretratua egiterakoan.

Enekok ez zuen joan nahi.

Eta andereñoak alde batera tiratzen zuen eta berak beste aldera.

Orduan, andereñoa begira jarri zitzaion, harriturik, ez zuelako joan nahi.

Eta, bat-batean, eskua askatu zion.

Eneko balantzaka hasi zen eta atzerantz erori zen, Nikoren gain-gainera.

Segundu batzuk lehenago, Nikok margo-tutu bati tapoia kendu zion.

Eta une hartan, margo tanta izugarri bat gorantz irten zen eta Enekoren soinekoaren gainean erori zen.

Guztiek ikusi zuten margo tanta sendo eta pisutsu hura, apurka-apurka, soinekoan behera irristatzen.

Azkenean, tanta hark soinekoan arrasto bat utzi zuen, barraskiloena bezalakoa, baina arrosa kolorekoa.

Eneko begira egon zen isilik.

Bitartean, tanta arrosa hura lurrera erori zen eta Enekoren ezkerreko oinaren alboan putzu bat utzi zuen.

Ederra zeukan soinekoa: atzamar zikinen arrastoak soinekoaren barrenean, lokatz-mantxa izugarria paparrean eta, oraingoan, margo tanta haren arrastoa albo batean.

Eta ondoren, zer gertatuko ote zitzaion?